Skip links

Nortzuk gara

AGREE proiektuaren eragilea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila da, eta erakunde hauen lankidetza du, proiektuaren bazkide gisa: Tecnalia; Bidebi, Basauriko Udalaren hirigintza eta etxebizitza gaietarako sozietate publikoa; Gasteizko Udalaren hirigintza sozietatea, Ensanche 21 Zabalgunea; Donostiako Udalaren etxebizitza sozietatea, Donostiako Etxegintza; eta Ihobe – ingurumen jarduketarako sozietate publikoa.

Baskideak

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA. EUSKO JAURLARITZA

Etxebizitzaren eremuan, Sailaren zeregina da haien beharrei egokitutako etxebizitza duina eskaintzea euren baliabide propioez ezin eskura dezaketen pertsonei, hori legeak Euskadin bermatzen duen helburu bat baita. Helburu horrekin, jabetza publiko eta pribatuko etxebizitzen parke zabal bat kudeatzen du, batez ere alokairu sozialera zuzenduta. Halaber, etxebizitzak birgaitzeko eta hiri-eremu degradatuak leheneratzeko jarduerak ere garatzen ditu.

Lurraldearen alorrean, Ingurumenaren kontserbazioaz arduratzen da. Horri begira, saiatzen da jarduera ekonomikoak eta baliabide naturalen erabilera modu jasangarrian egin daitezela, natura-ondarearen zaintzarekin uztartuta.  Orobat, lurraldearen antolamenduaz eta hirigintza-plangintzaz arduratzen da Autonomia Erkidegoan, printzipio horiekin bat etorriz.

Zeregin horiek erakunde hauen bidez garatzen ditu: Uraren Euskal Agentzia (Ura), Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa-Ihobe, Euskadiko Etxebizitza eta Lurraren sozietate publikoa (Visesa) eta Alokairuko Etxebizitzaren sozietate publikoa (Alokabide).

Informazio gehiago: Webgunea 


TECNALIA RESEARCH & INNOVATION

Cidemcok, ESIk, Euvek, Fatronikek, Inasmetek, Labeinel, Leiak eta Robotikerrek bat eginda sortu zen Tecnalia Research & Innovation. Espainiako ikerketa aplikatuko lehen zentro pribatua da, eta Europako nabarmenetako bat. Guztira, 1.400 langile baino gehiago ditu.

«Inspiring Business» bere goiburuak imajinatzen jakitea esan nahi du. Eskutik doazen bi kontzepturen sintesi bat: imajinatzea eta errealitate egitea. Tecnaliarentzako, «imajinatzea» bezeroei eta gizarteari etorkizun hobea izaten laguntzeko ideiak izatea da. Balioa sortzen duten ideiak. «Errealitate egitea» irudimenezko eta sormenezko soluzio teknologikoak ematea da. Emaitza errealak sortzen dituzten soluzioak. Sortzen diren ideiak balio bihurtzea, bezeroentzako negozio-aukera lehiakor bihurtzea.

Informazio gehiago: Tecnalia Research & Innovation


BIDEBI BASAURI

BIDEBI BASAURI, S.L. Basauriko Udalaren udal sozietate bat da, kapital publikoa bakarrik duena eta hirigintza-antolamenduaren garapen integralean eta gauzapenean espezializatuta dagoena. Sozietatearen helburuen artean, hirigintza-operazioak kudeatzea eta gauzatzea dago, bai Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusita daudenak eta bai Plan Partzialetan aurreikusita daudenak; horrekin batera, orokorrean, euren hirigintza-politika garatzeari begira Udalak edo beraren mendeko erakundeek agintzen dizkioten plan guztiak kudeatzeaz eta gauzatzeaz arduratzen da. Halaber, eraikinak, etxebizitzak eta beste edozein motatako alojamenduak, lokalak eta aparkalekuak sustatu, eskuratu, eraiki eta kudeatzea du helburutzat, babes publikoko edozein erregimenetan, erregimen librean edo prezio mugatuan, edozein tituluren bitartez eskuratutako lurretan. Bidebi, gainera, errentamendua bultzatzeaz eta eraikitako ondarea birgaitzeaz arduratzen da.

Informazio gehiago: Bidebi 


DONOSTIAKO ETXEGINTZA

Donostiako Udalaren udal antolaketaren baitan, Donostiako Etxegintza-Entidad Pública Empresarial de Vivienda erakundea etxebizitzaren alorreko politika aurrera eramateaz arduratzen den erakundea da.

Donostiako Etxegintza babes publikoko eta beste babes-figura batzuetako etxebizitzak eta gazteentzako zein nagusientzako apartamentuak sustatzeaz, zozketatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen da, eta baita errentamendu-erregimeneko udal etxebizitzak kudeatzeaz ere. Halaber, hutsik dauden etxebizitza pribatuen alokairua sustatzen du, Alokabide programaren bitartez. Horrekin batera, Donostiako eraikin eta etxebizitzak birgaitzera zuzendutako laguntzak kudeatzen ditu (PARVISA).

Informazio gehiago: Donostiako Etxegintza 


ENSANCHE 21 ZABALGUNEA

Ensanche 21 Zabalgunea, S.A. Gasteizko Udalaren udal hirigintza-sozietatea da. Beraren helburu nagusia da Udalarekin kolaboratzea Salburua eta Zabalganako zabaltze-eremuen plangintza eta antolamenduan, Udalerriko hirigintza- eta ingurumen-plangintzarekin bat etorriz; horrekin batera, helburutzat hartzen du eremu horietako urbanizazioa eta eraikuntza burutzea eta lurzoru edo etxebizitzaren politika garatzeko xedez Udalak agintzen dizkion proiektu edo programak kudeatzea edo horri lotutako ekintzak gauzatzea. Halaber, Gasteizko Udalak agintzen dion edozein hiri-azpiegitura edo ekipamendu sustatu, diseinatu eta gauzatu dezake.

Informazio gehiago: Ensanche 21 Zabalgunea


IHOBE, INGURUMEN JARDUKETARAKO SOZIETATE PUBLIKOA

Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa da. Ihoberen helburua da ingurumen-politika garatzen eta ingurumen-jasangarritasunaren kultura hedatzen laguntzea Eusko Jaurlaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ihobe sozietate publikoak honako ingurumen-arlo hauetan garatzen du bere jarduna: lurzoruak, hondakinak, biodibertsitatea, tokiko jasangarritasuna, industria ekoefizientea, ekodiseinua, eraikuntza jasangarria, klima-aldaketa, erosketa eta kontratazio publiko berdea eta ingurumen-hezkuntza, besteak beste.

Informazio gehiago: Ihobe