Skip links

Agree proiektua

Inbertsioak bultzatzea Euskadiko etxebizitza-eraikin pribatuen energiaren modernizazio efizientean, mekanismo berritzaileak garatu eta hedatzearen bidez, eskariaren aktibazioa, agregazioa, gobernantzaren hobekuntza eta finantziazio-irtenbide pertsonalizatuak bilatuz. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila lankidetza estuan arituko da hiru euskal hirirekin (Donostia-San Sebastián, Vitoria-Gasteiz eta Basauri), IHOBErekin (Udalsarea 2030 - Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen Idazkaritza Teknikoa) eta Tecnaliarekin, elkarren artean irtenbide berritzaileak diseinatu eta inplementatzeko 1940-80ko etxebizitza-eraikinen modernizaziorako, bai efizientzia energetikoaren ikuspuntutik (fatxada) eta bai irisgarritasunaren ikuspuntutik (igogailua jartzea), 3 proiektu pilotutan; horretarako, 8,5 M € inguruko inbertsioa mobilizatuko dute, eta 250 tona CO2 baliokide murriztuko dituzte urtean, hemendik 2022ra.

Zergatik da beharrezkoa

Eraikinek energia kontsumoaren % 40 inguru sortzen dute EBn, eta CO2 emisioen % 36. Gaur egun, EBko eraikinen % 35 inguruk 50 urte baino gehiago ditu, eta etxebizitzen ia % 75 ez da efizientea energiaren ikuspuntutik; gainera, etxebizitza-parkearen % 0.4-1.2 soilik (herrialdeen arabera) berriztatzen da urtean. Horrez gain, energiaren kostuak Europan nahiko handiak izan arren eta hazten jarraitu arren, eta eskura dauden teknologia eta zerbitzuak askotarikoak izan arren, energetikoki efizienteak diren eraikinen merkatuan kontsumitzaileek ez dituzte antzematen eskura dauden eta teknikoki bideragarriak diren hobekuntza-aukerak.

Horrelako eraikuntzak nagusi dira Europako hegoaldeko klima moderatuko eremuetan; bertan, energiaren aurrezpena ez da lehentasunezkotzat jotzen, eta, hortaz, eremu horietako eragileek ez dute birgaitzea bultzatzen. Horrenbestez, funtsezkoa da egokitzapenerako ikuspegi integratu bat sustatzea, efizientzia energetikoa ez ezik irisgarritasunaren eta bizigarritasunaren hobekuntza ere barne sartuz; horri lotuta, beharrezkoa da egokitzapen energetikoaren onurak modu eraginkorrean erakustea eta komunikatzea, biztanleen bizi-kalitateari dagokionez, faktura energetikoan lortzen den aurrezpen ekonomikotik harago.

Euskadik Europako hegoaldeko etxebizitza-parke zaharrenetako bat du. Izatez, Euskadiko etxebizitza-eraikinen % 57 1940 eta 1980 bitartean eraiki zen, hau da, efizientzia energetikoaren erregulazioa Espainian ezarri baino lehen.

“Euskadiko etxebizitza-parkearen diagnostikoa” izeneko azterlanaren arabera, parke horretako etxebizitza gehienek ez zuten betetzen, 2012an, efizientzia energetikoko baldintza egokirik; izan ere, eraikinek ez dute inguratzaile tekniko egokirik, ezta berokuntza-sistema efizienterik ere. Gainera, eraikin horietako gehienak 4 solairu baino gehiago dituzten apartamentu-eraikinak dira (% 55), eta askok ez dute igogailurik.