- Guztira 96 eragilek eta erakundek parte hartuko dute jada hasita dagoen proiektuan
- Ondorioak hurrengo Etxebizitzaren Gida Planean eta sektorea suspertzeko planean txertatuko dira
Etxebizitza Sailak parte hartzeko eta eztabaidarako prozesu ireki bat jarri du abian, arlo honetan lan egiten duten eragileekin eta erakundeekin, COVID-19aren krisiak etxebizitzaren arloan agerian jarri dituen premiak eta erronkak eztabaidatzeko eta etorkizunerako konponbideak eta ideiak planteatzeko. Pandemiak, eta horren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialek, agerian jarri dute “etxebizitza duina eta egokia izatea oraindik ere premia biziagoa dela jendeak konfinatuta egon behar duenean”, adierazi du Iñaki Arriola sailburuak.
Hori dela eta, Etxebizitza Sailak, pandemiaren aurkako borrokaren beste fase batean sartuko garen honetan, erabaki du eztabaida zabal bati ekitea, elkarlanean identifikatu ahal izan daitezen esperientziatik ondoriozta daitezkeen ikasbideak eta etorkizun-ildoak, etxebizitza-politika jakinak zehazteko helburuarekin. Asmoa da eragile instituzionalekin, ekonomikoekin eta sozialekin adostea epe laburreko, ertaineko eta luzeko konponbideak, eta horiek etxebizitzaren esparruko Arlo Ekonomikoa eta Soziala Suspertzeko Plan batean eta hurrengo Jaurlaritzak 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Plan berrian estrategia moduan txertatuko dituen bide-orri batean jasotzea.
Babes sozial handia duten etorkizuneko proposamen horiek bi helburu nagusi izango lituzkete: etxebizitza benetan eskuratzea eta eraikuntzaren sektorea suspertzea ekonomiaren eta enplegua sortzearen ikuspegitik, arreta berezia jarrita alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenean eta birgaitze integralean.
Lehenengo fasean
Prozesuari orain dela gutxi ekin zaio, eta lehenengo fasean dago. Horretarako, galdetegi ireki bat prestatu da jasaten ari garen pandemia honi etxebizitzaren esparrutik aurre egiteko proiektuei eta neurriei buruzko proposamenak jasotzeko. Eztabaidan guztira 96 eragilek parte hartuko dute, eta honako profil hauetakoak dira: herritarrek osatutako antolakundeak eta antolakunde sozialak, etxebizitzen eraikuntza eta birgaitze lanetan esku hartzen duten eragileak, elkargo profesionalak, birgaikuntzarako hirigintza-sozietateak, finantza-erakundeak, Euskadiko BGAE aipagarriak, Euskadiko korporazio teknologikoak, Eraikuntzaren Klusterra, EAEn jarduten duten HMISAK-k, Hipotekak Kalteturikoen Plataformak, Eusko Jaurlaritzako beste hainbat sail eta sozietate publiko, eta beste hainbat administrazio eta udal.
Jasotzen diren ekarpenak hurrengo faserako abiapuntua izango dira, eta fase horretan aipatutako helburuei erantzungo dieten lan-tailerrak egingo dira. Proiekturik aipagarrienak identifikatzen direnean, ideiak lantzeko eta zehazteko hainbat tailer egingo dira. Tailer horietan euren profilaren arabera ekimenera gehien doitzen diren eragileek parte hartuko dute, eta, era horretara, aurrera egingo da proiektu partekatuak eta inpaktu handikoak abian jartzeko bidean.
Helburua da, beraz, etxebizitzaren esparruan Arlo Ekonomikoa eta Soziala Suspertzeko Plan bat zehaztea eta garatzea, inplikatuta dauden eragile guztiek parte hartuta eta adostuta, plan horren laguntzaz, eta beste plan batzuekin koordinatuta, pandemiatik sortuko den errealitate berrian abantaila lehiakorrekin, sozialekin eta ekonomikoekin koka gaitezen.
Parte-hartzean oinarritutako lan egiteko modu hori Etxebizitza Sailaren nortasun-ikurra da jada, orain dela hamar urtetik ari baita horrela lanean. Lankidetza irekiaren metodologia hori baliatuz landu ziren, esate baterako, Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala (2010), azken hiru gida planak eta 2015eko Etxebizitzaren Legea bera.
Parte-hartzearekin konpromisoa
Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean 16.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, eta 2012an Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Saria (UNPSA) irabazi zuen, zerbitzu publikoaren bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aintzatespenik garrantzitsuena izanik.
“Parte-hartze irekiaren aldeko gure konpromisoa ez da itxurakeria bat”, adierazi du Iñaki Arriola sailburuak. “Urte hauetan egiaztatu dugu formula hori baliatzeak politika hobeak eta berritzaileagoak egiten eta etxebizitzaren sektoreko eragileen eta erakundeen lankidetza aktiboa lortzen laguntzen digula, eta horrek ziurtatzen du planteatutako helburuak lortuko direla”.
Prozesu parte-hartzaile horixe bera erabili da, eskala txikiagoan bada ere, COVID-19aren krisiaren eragin ekonomikoa jasan duten pertsonei eta familiei etxebizitza libreen alokairua ordaintzeko laguntzak emateko agindua, joan den asteazkenetik indarrean dagoena, lantzeko. Eta Etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen dekretua izango dena lantzeko ere erabili da. Dekretu-proiektuan jada berrikuntza aipagarriak sartu ziren etxebizitza berrien espazioen diseinuan, eta pandemiaren ondorioz ezarri den konfinamenduan beharrezkoa dela ikusi da. Une hauetan amaitzear dago alegazio-prozesuan jaso diren eta espazio bizigarriak erabilera eta behar berrietara egokitzeko beharra, krisiak azaleratu duena, sakondu duten ekarpenak txertatzeko prozesua.