Bidebi Basauri Hirigintza- eta Etxebizitza-gaietarako Udal Sozietate publikoko administrazio-kontseiluko presidente eta Bizkaiko udalerri horretako alkate Asier Iragorrik gogorarazi du AGREE proiektua inplikatutako auzo-elkarteen artean zabaltzeko prozesua joan den martxoan abiarazi eta hasierako harrera positiboa izan zela, nahiz eta pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketek eten egin zuten. Iragorrik nahia da herritarrek bizi diren eraikinen egoera zer-nolakoa den ezagutzea eta euren interesekin bat etortzea. Gainera, aitortzen du gustatuko litzaiokeela ekimen pribatuaren laguntza izan zezan Udalak, gune publikoak urbanizatzeko eta hobetzeko egiten duen ahaleginaren osagarri gisa, efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, AGREE proiektuaren bidez lortu nahi den bezala.
G: Non garatuko dira AGREE proiektuko ekimenak?
E: Proiektua Federico Mayo auzoan garatuko da; auzoa 700 etxebizitzaz osatuta dago gutxi gorabehera; halere, San Migel inguruko Hernán Cortés auzoko jabekideen erkidegoak ere sar daitezke ekimenean, egokitzat joz gero; izan ere, oso ezaugarri antzekoak ditu Hernán Cortés auzoak eraikuntza-tipologiari, eraikuntza-kalitateari, irisgarritasun-arazoei eta abarri dagokienez, baita bertan bizi den biztanleriari gagozkiola ere.
G: Zer lortu nahi da?
E: Etxebizitza horien birgaitze energetikoa eta irisgarritasunaren ezarpena zabaltzea eta faboratzea da helburua, gehien erabiltzen den eraikuntza-ereduaren edo eraikin motaren azterketa teknikoa eginez; horretarako, eraginpeko etxebizitzen arazo nagusiak, esku hartzeko aukerak, kostuak eta jaso daitezkeen dirulaguntzak identifikatuko dira, besteak beste; hala, bizilagunek hobeto jakin dezakete zer egoeratan dauden bizi diren higiezinak eta, ondorioz, zer erabaki har dezaketen, betiere modu funtsatuago eta egokiagoan.
G: Nola ari dira hartzen eraginpeko auzo-erkidegoak proiektua?
E: Martxoan hasi ziren lehen harremanak auzo-elkarteetako ordezkariekin, finka-administratzaileekin eta jabeen erkidegoetako ordezkariekin, baina, tamalez, covid-19aren eraginak eragotzi egin zuen proiektuan jasotako eduki, helburu eta ekintza nagusiak zuzenean komunikatzen jarraitzea. Hala ere, herritarrek helarazitako iritziak positiboak ari ziren izaten; izan ere, adierazi zuten Federico Mayo eta Hernán Cortés auzoen hiri-berroneratzea errazteko udalaren interesa aintzat hartzen zutela eta proiektuaren garapenari eta emaitzei buruzko informazioa jasotzen jarraitu nahi zutela.
G: Zer eginkizun du Bidebi Basaurik proiektu horretan?
E: Sozietate honek hiru jarduera gauzatuko ditu. Lehenik eta behin, eraikin mota birgaitzeko aurretiazko azterlana eta aurreproiektua kontratatzeko behar diren agiriak prestatzea; izan ere, agiri horietan higiezinen arazoak eta aukerak identifikatuko dira, kostuak kalkulatuko dira eta udalak eta autonomia-erkidegoak emandako laguntzak seinalatuko dira. Bigarrenik, proiektuaren eduki nagusien berri emango die herritarrei, eta, bereziki, arestian aipatutako dokumentuaren berri. Eta hirugarrenik, bizilagunei aholkuak emango dizkie, baita laguntzak eskatzen eta izapidetzen lagundu ere.
G: Zer onura espero duzu izango dituela zure udalerriak ekimen hau ezartzen denean?
E: Basauriko Udalak ahalegin handia egin du udalerriko gune publikoak hobetzeko eta urbanizatzeko, eta ildo horretan, Auzoegin programa nabarmendu daiteke. Azken urteotan 14 milioi euroko inbertsioa egin du Basauriko Udalak programa horretan, eta Federico Mayoren kasuan, haren berrurbanizazioa egin du, milioi bat euro inguruko gastuarekin. Ahalegin publiko horri ekimen pribatua gehitu beharko litzaioke, dauden etxebizitza-eraikinak eguneratu, energia-eraginkortasuna hobetu eta irisgarritasuna lortzeko.