Urriaren 29an, osteguna, Hegoalde-Ariznabarra Auzogunearen bilkura egin zen Hegoalde gizarte-etxean, eta Agree proiektu europarra aurkeztu zen bertan. Proiektu horren bitartez, Adurtzako eta San Kristobaleko fatxaden birgaikuntza energetikoa sustatu eta irisgarritasun arazoak konpondu nahi dira, esaterako igogailurik eza.
Sozietate publikoko kudeatzaile Jorge Ozkarizek eta Isabel Pineda arkitektoak aurkezpenean azaldu zutenez, birgaitze integraleko proiektuak egitea proposatzen da, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna direlarik alderdi nagusiak. Finantziazio-sistema berriak egongo dira –esku hartze mota hauetarako berariazkoak– eta bermatu egingo da bizilagunek prozesuan parte hartzea.
Horretarako, datozen asteetan informazio bilerak egingo dira, eta gutuna eta azalpen-liburuxka banatuko zaie ingurune horietako bizilagun guztiei.
Eraikin bakoitzaren proposamen teknikoak edo aurreproiektuak Europako Batzordeak finantzatuko dituela ere iragarri zuen 21 Zabalguneak. Azterlan horiek kostuekin, finantzaketarekin, plangintzarekin eta abarrekin lotutako aukerak barne hartuko dituzte, horrelako jarduerak egiteko interesa duten etxejabeentzat lagungarri izan daitezen erabakiak hartzerakoan.
Proiektuan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Tecnaliak, Gasteizko, Basauriko eta Donostiako Hirigintza eta Etxebizitzarako Udal Sozietateak eta Ihobe Ingurumen Sozietate Publikoak parte hartzen dute, eta aurreikuspenen arabera, 8,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatuko da bizitegietako energia-eraginkortasunaren arloan, horretarako Euskal Herriko bizitegien birgaikuntza energetikorako finantziazio-eskariak identifikatzeko, mobilizatzeko eta bideratzeko mekanismo berritzaileak baliatuta.