Skip links

«Etxebizitzak birgaitzea Donostiako etxebizitza-politikaren ardatz nagusietako bat da»

Eneko Goia Donostiako alkateak Luistarrak eta Gaztelu kaleen inguruan garatuko den proiektuaren gakoak zehaztu ditu. Proiektuak 600 etxebizitza baino gehiago barne hartuko ditu, eta beste bide batzuk garatzen ari da auzotarren partaidetza indartzeko, pandemia dela eta.
Etxebizitzaren arloko udal-erakundearen arduradun nagusiaren arabera, «ondare eraikian esku hartzeak hiri trinkoaren eredua, lurzoruaren arrazoizko okupazioa eta hazkunde jasangarri, homogeneo eta harmonizatuago bat sustatzen ditu».
Goiak azaldu duenez, Etxegintzak –Donostiako erkidegoekin harremanetan egoteaz arduratuko da– aurreproiektu teknikoen idazketa lizitatu zuen eta auzotarrei beren eraikinetan egin daitezkeen esku-hartzeen berri emango die. Horrez gain, udal-sozietateak eragindako erkidegoak informatu eta aholkatuko ditu birgaitze-prozesuei buruzko edozertan; tartean, laguntzei eta izapideei buruz.

Non garatuko dira Donostian HORIZON Agree proiektuaren ekimenak?

Luistarrak eta Gaztelu kaleen inguruan garatuko da proiektua, eta 600 etxebizitza baino gehiago barne hartuko ditu. Esperientzia pilotu honetarako aukeratu dira, ezaugarri unitario batzuei erantzuten dien hiri-multzo homogeneo gisa. Gainera, beste aldagai batzuk ere hartu dira kontuan: eraikuntzen egoerarekin eta auzoaren profil sozioekonomiko eta demografikoarekin lotutakoak, hain zuzen.

 

Zertan datza?

Ekimen honen helburua inbertsioak bultzatzea da, batetik energia modu efizientean modernizatzeko eta, bestetik, irisgarritasun-arazoak konpontzeko (igogailu falta) Euskadiko bizitegi-etxebizitzen eraikin pribatuetan. Horretarako, AGREE proiektuak multzo pilotuetarako birgaitze-aurreproiektuak garatzea aurreikusten du. Proiektuaren kontura izango dira, eta jabeen erkidegoei aukera emango diete birgaitzeko erabakia hartzeko, proposatutako irtenbidearen eta esku-hartzeen kostuaren gutxi gorabeherako ideia bat daukatela, behin betiko proiektu teknikoetan inbertitu baino lehen; hartara, erabakiak modu ziurragoan hartu ahal izango dute.

 

Nola ari dira hartzen aukeratutako auzo-erkidegoak proiektua?

Larrialdi sanitarioa dela eta, ezin izan dugu bilerarik egin auzotarrekin. Beste bide batzuk garatzen ari gara auzotarrek parte hartzeko; horretarako, erkidegoko esku-hartzean oinarritutako gobernantza-eredu bat diseinatzen ari gara , eta, horretan, herritarrek beharrak, lehentasunak, estrategiak, helburuak, jarraipena eta ebaluazioa definitzeko erabakietan parte hartuko dute.

 

Zer egiteko du Donostiako Etxegintza udal-sozietateak proiektu honetan?

Donostiako Etxegintza proiektu honen aktore nagusia izango da, eta eragindako auzotarren erkidegoekin harremanetan egongo da. Horretarako, aipatutako eraikuntzetan ezarri beharreko irtenbideak zehaztuko dituzten aurreproiektu teknikoen idazketa lizitatu du. Ondoren, une bakoitzean erabil daitezkeen bideen bitartez, auzotarrei beren eraikinetan esku hartzeko potentzialtasunen berri emango die, prestatutako aurreproiektuak oinarri hartuta. Zeharka, eragindako erkidegoak informatu eta aholkatuko ditu birgaitze-prozesuei lotutako edozertan; tartean, dauden laguntzei eta dokumentu-izapidetzeari buruz.

 

Zer onura espero duzu izango dituela zure udalerriak ekimen hau ezartzen denean?

Etxebizitzak birgaitzea Donostiako etxebizitza-politikaren ardatz nagusietako bat da; hala dago jasota gure Etxebizitza Planean. Ondare eraikian esku hartzeak hiri trinkoaren eredua, lurzoruaren arrazoizko okupazioa eta hazkunde jasangarri, homogeneo eta harmonizatuago bat sustatzen ditu.