Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako “Vitoria-Gasteiz neutraltasun klimatikorantz: Horizonte 2030” jardunaldian parte hartu du 21 Zabalguneak.
Jardunaldi honetan SmartEnCity proiektua azaldu dute, eta euskal udalerrietako alkateez gain, Zaragozako, Castelloneko edo Toledoko alkateak bertaratu dira.
Proiektu horrek CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko europar estrategia garatu nahi du, eta Tartu (Estonia), Sondeborg (Danimarka) eta Gasteiz hirietan gauzatuko da.
Gasteizen, Koroatzearen auzoaren birgaikuntza energetikoaren bidez gauzatuko da proiektua, eta hiri berdeago eta karbonoan neutroa bihurtu nahi du.
21 Zabalguneko teknikariek Gasteizko udalak etxebizitzak birgaitzeko duen politika azaldu dute, eta, bereziki, Agree proiektua.
“Gaur egun, Gasteizko garapen-eredua aldatzen ari da. Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko prozesua abiarazi du, eta lurzoruaren erabilera arrazionalagoan oinarritutako eredu baterantz jo nahi da, hiri trinkoagoa eta kohesionatuagoa lortzeko, hiri-sakabanaketa saihestuz. Hiri-estrategia berri honek lurraldearen garapen jasangarriarekin eta ondare eraikia kudeatzeko politika aurreratuenekin lerrokatu nahi da.
21 Zabalguneak du Gasteizen 1960-1980 urteen artean eraikitako auzoak birgaitzera eta/edo berroneratzera bideratutako hainbat lan-ildo bultzatu, definitu eta garatzeko ardura.
Fatxaden mailan, dauden higiezinen tipologia desberdinak aztertzen ari dira, horietan esku hartzeko beharrak zehazteko, eta eraikinen irisgarritasunari buruzko azterlan bat egin da, irisgarritasun unibertsala oraindik ezinezkoa den kasuetan konponbideak proposatzeko.
Bestetik, eremu degradatuen barruko eraikinetarako, fitxa batzuk lantzen ari dira higiezinen tipologia bakoitzeko, egin beharko diren obren kostuen zenbatespen batekin, herritarrek esku-hartzeen zenbatekoa jakin eta erabakiak hartzerik izan dezaten.