Donostiako Udalak, Donostiako Etxegintzaren bitartez, Europako proiektu honetan parte hartzen du Vitoria-Gasteiz eta Basaurirekin batera.
Donostiako Udalak esku-hartze arkitektonikoak garatzeko hainbat azterketa eta proposamen sustatuko ditu Intxaurrondo auzoko Luistarrak eta Gaztelu inguruko eraikinei buruz. Eta eraikin horietan 600 etxebizitza inguru daude. Ekimena Agree izeneko Europako proiektu baten barruan dago eta, bertan, Donostiak Donostiako Etxegintzaren bitartez parte hartzen du, Vitoria-Gasteiz eta Basaurirekin batera.
Proiektuaren helburua da energia eraginkortasuna eta irisgarritasun arazoei aurre egiteko inbertsioak sustatzea Euskadiko etxebizitza-bizitegi eraikin pribatutan. Eta proiektua garatzeko gunea erabaki da segidako arrazoiak kontuan hartuta: bertan dauden eraikin gehienak 40 urte baino gehiago dituzte, eta ondorioz, hotza zein beroa isolatzeko arazoak izan ditzakete, eta gainera, igogailurik gabeko etxeak izan daitezke.
Horrenbestez, bertan bizi diren bizi-kalitatea hobetzen saiatzeko, Udalak Donostiako Etxegintzaren bitartez azterketak eta proposamenak garatuko ditu irisgarritasun eta energia eraginkortasun arazoei irtenbide teknikoak emateko.
Horretarako, Donostiako Etxegintzak Birgaitzeak egiteko aurreproiektuen idazketak esleituko ditu. Eta aurreproiektu horietan zehaztuko dira eraikin horietako arazoak konpontzeko behar diren irtenbideak, baita konpontze-lan horiek izan dezaketen kostua, erabakia hartzeko ahalik eta zalantza gutxien sortzeko. Gainera, proiektuan parte hartzen duten bizilagunei egin beharreko lanei buruzko informazioa emango zaie eta birgaitzea egiteko izan ditzaketen diru-laguntzei zein dokumentazioaren izapidetzeari buruzko aholkularitza emango zaie.
Horren harian, hurrengo astean Luistarrak eta Gaztelu eremuetako auzotarrek gutuna jasoko dute eta, bertan, telefono zenbaki bat egongo da parte hartzeko interesa baduteharremana egiteko eta informazio gehiago jasotzeko.
Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek azpimarratu du Agree bezalako proiektuetan parte hartzea oso garrantzitsua dela, izan ere, garrantzi handiko aspektu batean azpimarra jartzen du, hain zuzen ere, eraikinen eta etxebizitzen birgaitzean. Horiek horrela, Arzallusek gogorarazi du, eraikitako ondarean hobekuntzak egitea dela Udalaren etxebizitza-politikaren ardatz nagusietako bat.