Skip links

Adurtza eta San Kristobaleko familiei Agree birgaikuntza energetikorako proiektuaren gaineko informazioa emateari ekin dio 21 Zabalguneak

Adurtza eta San Kristobaleko auzokoei AGREE birgaikuntza energetikorako proiektuaren gaineko informazioa emateari ekin dio 21 Zabalguneak , bertan zabaldu nahi baita plan garrantzitsu hori.

Zehazki, gutun bat eta proiektuaren xehetasunen berri ematen duen azalpen-liburuxka bat banatuko ditu 21 Zabalguneak, eta datozen asteetan informazio bilerak egingo dira eragindako bizilagunekin.

Izan ere, behar handiena duten auzoak birgaitzearen aldeko apustuari eutsi dio Udalak, eta Gasteizko auzo horietan gutxienez 170 etxebizitzatan (1940 eta 1980 bitartean eraikitako 15-20 eraikin) esku hartzeko helburua du.

Hain zuzen, eraikin horietan antzeman da irisgarritasuna eta isolamendu termikoa hobetzeko ahalegina egitearen beharra; gainera, adineko biztanle ugari dituzte, eta talde hori bereziki sentibera da mugikortasunari eta osasunari dagokienez.

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik nabarmendu duenez, proiektuak ahalbidetuko du “biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta, aldi berean, birgaitzearen merkatua indartzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta eraikinak irisgarri bihurtzea. Orobat, ingurumen-onura handiak lortuko dira, hala nola CO2 isuriak nabarmen murriztea, eta horrek hiria deskarbonizatzen lagunduko du. Proiektu hau bat dator datozen urteetarako diseinatu dugun klimaren aldeko ekintza-estrategiarekin, eta 21 Zabalgunea hiri-birgaitzerako eta -biziberritzerako agentzia gisa sendotzen du”.

Agree proiektu europarrak eraikin tipologia ezberdinetarako proposamen teknikoak edo aurreproiektuak finantzatuko ditu. Ez, ordea, egin beharreko obrak; horretarako, administrazio publikoek unean-unean ematen dituzten laguntzak baliatu ahalko dira.

Azterlan teknikoek eraikinen ezaugarriak kontuan hartu eta esku hartzeko alternatiba edo irtenbide ezberdinak eskainiko dituzte, esaterako, igogailua instalatzea, fatxada birgaitzea eta beste.

Auzokideen erkidegoak lanak egitea erabakiz gero aurre egin beharreko kostuak ere zehaztuko dira.

21 Zabalguneak, berriz, informazioa eta sostengua emango die auzokoei prozesu osoan, eta beharrezko den dokumentazioa biltzen zein laguntza eta lizentzia eskabideak tramitatzen lagunduko, besteak beste.

AGREE europar proiektuan Eusko Jaurlaritzak, Tecnaliak, 21 Zabalguneak, Donostiako Etxegintza enpresa-entitate publikoak, Basauriko Bidebi etxebizitzarako udal sozietateak eta Ihobe ingurumen sozietate publikoak parte hartzen dute, eta bizitegietako energia-eraginkortasunaren arloan 8,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzea aurreikusten du, Euskal Herriko bizitegien birgaikuntza energetikorako finantziazio-eskariak identifikatzeko, mobilizatzeko eta bideratzeko mekanismo berritzaileak baliatuta.