Basauriko udal-sozietateak “leihatila bakar” gisa jardungo du herriko jabekideen erkidegoei eta herritarrei laguntza-eskaerekin lotutako informazioa eta aholkuak emateko eta eskaerak bideratzeko.
BIDEBIko udal-sozietateak bere gain hartuko du Europako Next Generation funtsekin finantzatutako etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programa berriaren kudeaketa, eta “leihatila bakar” gisa jardungo du, hau da, jabekideen erkidegoei, enpresei, partikularrei eta, oro har, birgaitze-agenteei laguntzak kudeatzen eta zerbitzuak ematen laguntzeaz gain, informazioko eta koordinazioko lanak ere egingo ditu.
Horrela, bada, BIDEBIren Administrazio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin hitzarmena sinatzeko baimena eman du, Basauriko hirigintza-sozietateak Birgaitze Bulegoaren eginkizunak bere gain har ditzan. Baimen horri esker, susperraldi ekonomikorako Europako Next Generation funtsei ahalik eta etekin handiena atera ahal izango zaie, eraikin eta etxebizitzen energia-eraginkortasuna hobetzera bideratuta. Hartara, Bidebik Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planeko (853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa) etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programetan sartzeko aukera izango du.
BIDEBI udal-sozietateak laster sinatuko du hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin, eta hitzarmen horretako testuan suspertzeko funtsen jatorria eta funtzionaltasuna zein diren gogorazten da, funts horien helburua munduko ekonomiak berreraikitzeko prozesuan laguntzea baita, covid-19aren pandemiaren ondoren; era berean, helburu hori lortzeko aurreikusitako jarduketa-ardatzak ere zehazten dira: besteak beste, eraikin-parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak indartzea, bai hiriguneetan, bai landaguneetan, betiere energiaren eta jasangarritasunaren arloan asmo handienak ziurtatuta. Horretarako, besteak beste, eraikinak birgaitzeko eta etxebizitzen energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketetara zuzendutako hainbat laguntza-programa ezarri dira.
Birgaitzeko Bulegoaren eginkizunak bere gain hartuta, BIDEBIk “Basaurirako leihatila bakarra” izateko aukera izango du, eta eraikin eta etxebizitzak birgaitzeko programen balizko onuradunek aurkezten dituzten laguntza-eskaerak bideratu ahal izango ditu. Eskumen berri horri esker, Bidebi herritarrengandik gertuago egongo da, eta informazio gertukoa eta eraginkorra eman ahal izango die laguntza-programei buruz, bakoitzaren premiaren arabera.
Herritarrei informazioa eta aholkuak emateko zeregin horrekin batera, BIDEBIk eraikinak birgaitzeko jarduketetarako, etxebizitzetako energia-eraginkortasuna hobetzeko eta birgaitzeko proiektua idazteko laguntza-programak bideratuko ditu, baita etxebizitza eta eraikinak birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren arloan laguntza jaso dezaketen gainerako jarduketak ere. Azken batean, “Basaurirako leihatila bakarra” sortuko da, eta jabekideen erkidegoei, enpresei, partikularrei eta, oro har, birgaitze-agenteei laguntzak kudeatzen eta zerbitzuak ematen laguntzeaz gain, informazioko eta koordinazioko lanak ere egingo ditu.
Zeregin horietarako, BIDEBIk aurrez aurreko arreta emango du bere egoitzan, aurrez hitzordua hartuta, eta telefonoz eta telematikoki ere jardungo du.