Mario Yoldi, Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria:
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldi Euskadiko etxebizitza-parkearen antzinatasunetik eratorritako arazoek kezkatzen dute. Erdia baino gehiago eraikingintzaren kode teknikoak ezarri aurretik eraikitako eraikinetan biltzen dira, eta, jakina, energia-efizientziaren arloko erregulazio modernoak ezarri baino askoz lehenago eraikitakoetan. Eta birgaitzearen arloan, gehien adierazi den nahia da etxebizitzaren erregulazio termikoa hobetzea eta kontsumoa murriztea, Yoldik gogorarazten duenez. Gainera, AGREE proiektua “ezagutza-laborategi eta ideiak sortzeko laborategi adimendun” gisa definitu du, garatuko den hiru kokalekuen aukeraketa egokia eginez.
G: Zergatik erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak AGREE proiektuan parte hartzea? Zer onura espero dira?
E: Euskadik Europako hegoaldeko etxebizitza-parke zaharrenetako bat du; zehazki, gure bizitegi-eraikinen % 57 1940tik 1980ra bitartean eraiki ziren, antolamenduari eta eraikingintzaren kode teknikoari buruzko araudi modernoak ezarri aurretik, eta Espainian energia-efizientziaren inguruko erregulazio berriak ezarri baino askoz lehenago. Horregatik, eragozpen handi bat daukagu etxebizitzetako bizi-kalitatea berritzeko eta hobetzeko.
G: AGREE lankidetza publiko-pribatuko proiektu bat da. Zer garrantzi du formula honek?
E: Horiek horrela, lankidetza publiko-pribatua guztiz beharrezkoa da proiektu berritzaileei heltzeko eta, batez ere, erreplikagarriak egiteko. Administrazio gisa, esperientzia arrakastatsuak zabaltzeko formularik onenak bilatu behar ditugu, eta proiektu honek ematen dizkigu. Gainera, osasun-krisiaren ondoren, batera gauzatutako prozesuak are garrantzitsuagoak eta beharrezkoagoak izango dira. Aurrekontuei muga handiak jarriko zaizkie, eta guk ahalik eta ondoen baliatu behar ditugu. Aldi berean, jada sortu dira funtsak erakartzeko aukera berriak, proiektu berritzaileen eta garapen jasangarriaren estrategiekin bat datozen proiektuen bidez, Europako Berreraikuntza Planaren (Next Generation UE) esparruan.
G: Zer irizpide aplikatu dira proiektu pilotuak hautatzeko?
E: AGREE proiektuaren lantaldea ezagutzarako eta ideiak sortzeko laborategi adimenduna izan da. Tecnaliak, inplikatutako hiru udalerriek eta guk geuk egindako azterlanek adierazi dutenez, finantzaketa- eta birgaitze-premia handieneko auzoetan jarri behar dugu arreta, eskaria gehituz, eta, batez ere, etorkizuneko espazio askoz eraginkorragoa eta erosoagoa irudikatuz familientzat. Proiektukideek hiru barrutien ezagutza zabala izatea funtsezkoa izan da aukeratzerakoan. Guk berretsi besterik ez dugu egin behar izan.
G: Zer bizitegi-bolumen dago Euskadin proiektu horien antzeko ezaugarriekin? Horrelako birgaitzea aplika liteke horietan?
E: Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren 2019ko Etxebizitzen Beharren eta Eskariaren Inkestaren arabera, 2019an 68.423 etxek –Euskadiko etxeen % 7,7k– etxebizitza birgaitu beharra daukate; nolanahi ere, eskaria nabarmen murrizten da kontuan hartzen badugu etxe horien erdiak baino zertxobait gehiagok (% 51,9) oso edo nahiko gertagarria ikusten dutela beren etxebizitza hurrengo 2 urteetan birgaitzeari ekitea (35.543 etxe). Hamar etxetatik lautan (% 38,7), birgaitzeko beharra etxebizitzaren tenperatura hobeto mantentzeko beharrari lotuta dago. Eta behar den birgaitze-mota edozein dela ere, energia-efizientziarekin lotutako alderdiak adierazten dira kasu guztietan. Izan ere, etxebizitzaren tenperaturari hobeto eusteko beharra da gehien errepikatzen dena (% 38,7), eta, ondoren, energia-kontsumoa edo -kostua murriztu beharra (% 32,3). Eta horri guztiari datu kezkagarri hau gehitu behar zaio: Euskadiko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren erregistroaren arabera, 2019ko Etxebizitzen Beharren eta Eskariaren Inkestan identifikatutako 68.423 etxeetatik 31.479 etxek (% 46,0) soilik daukate EIT erregistratuta. Horregatik guztiagatik, beharra nabarmena da, eta bistakoa da horrelako proiektuak egiteko premia dagoela.
G: “Birgaitzerako finantza-tresna berezi bat” sortu duzue. Zer lortu nahi duzue horrekin?
E: Birgaitzerako finantza-tresna bereziak 30 milioi euro mobilizatu nahi ditu 2023ra arte emandako maileguetan gai honetan. Kreditu-erakundeentzat berme handiagoak ditu, eta lehen aldiz kreditu-arriskuak estaltzen ditu; horri esker, maileguak eman ahal izango dizkiete partikularrei, jabe-erkidegoei eta esku hartzen duten beste erakunde batzuei, merkatuko baldintzetan baino baldintza onuragarriagoetan.
G: Nola antolatuko dira tresnaren bermeak?
E: Finantza-tresna bereziak berme-funts bat izango du huts egindakoei aurre egiteko. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eratuko du berme-funtsa, eta Finantzen Euskal Institutuak kudeatuko du. Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko jardueren finantzaketa, irisgarritasun unibertsala eta energia-efizientzia hobetzea ziurtatu eta bultzatu nahi dira, etxebizitza bakoitzeko 18.000 euro arteko mailegu estandarizatuen bidez, era guztietako epe, berme eta interes-tasetan, baina betiere parametro guztiz erakargarriekin.