Skip links

Horizon AGREE proiektu europarra aztertuko dute UPV/EHUren Uda Ikastaroetan

Gasteizko, Donostiako eta Basauriko ehun bat eraikinetan egin nahi den birgaitze energetikoa aztertuko da “Las otras consecuencias de la rehabilitación energética de nuestros edificios: luces y sombras” uda ikastaroan, uztailaren 16an eta 17an. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria den Mario Yoldik eta Tecnalia Research & Innovation-en hiri-berroneratzeen ikerlari arduraduna den Patricia Molinak eskainiko dute ikastaroa.

Gasteizko, Donostiako eta Basauriko ehun bat eraikinetan Horizon Agree proiektu europar berritzailearen babesean egin nahi den birgaitze energetikoa aztertuko dute Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetako batean. Zehazki, “Las otras consecuencias de la rehabilitación energética ikastaroan landuko da, uztailaren 16an eta 17an. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria den Mario Yoldik eta Tecnalia Research & Innovation-en hiri-berroneratzeen ikerlari arduraduna den Patricia Molinak eskainiko dute, besteak beste.

Uda ikastaro honen helburua eraikinen egungo birgaitze energetikoaren inguruko hausnarketa egitea da, eraginkortasun energetikoaren inguruko alderdien ohiko ikuspegi teknikoaz haratago. Ikuspegi horretatik abiatuz, Europako Batzordeak iragarritako birgaitze energetikorako politikek Europa hegoaldean dituzten arazoak azalduko ditu Tecnaliako ikerlaria den Patricia Molinak. Arazo horietako bat litzateke uste dela energiaren fakturan aurreztutakoa birgaitze-lanetarako inbertsioa egiteko nahikoa dela. Etxebizitzaren edukitza-erregimenen arteko aldea litzateke beste arazo bat, Europa iparraldean jabe publiko eta pribatu handiak daudelako, kontinentearen hegoaldeko herrialdeetan ez bezala. Oztopo horiek gainditzeko, ikuspegi integratua aplikatu behar da, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko jarduketak barne hartzen dituena. Era berean, eskaria areagotzeko formulak bilatu behar dira, birgaitze handiagoa lortzeko. Gainera, ezinbestekoa da herri administrazioek herritar kalteberenen ondoan egotea, birgaitze-lanak posible egiteko finantzaketa-formulak eskainiz.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria den Mario Yoldik azalduko du azken alderdi hori, hots, birgaitze energetikoen finantzaketa. Zehazki, esku-hartze mota horretarako finantza-tresna berriaren inguruan arituko da, Eusko Jaurlaritzak pasa den urteko abenduan onetsi baitzuen, hainbat finantza-erakunderekin lankidetza-akordioa lortu ondoren. Mekanismo horrek etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko, pertsona guztientzako irisgarri egiteko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak finantzatzeko balio du. Tresnak berme-funtsa eskaintzen du, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak jarritakoa. Mailegu kobraezin bakoitzaren % 16 estaliko du funts horrek. Finantzen Euskal Institutua arduratuko da 30 milioi euroko funtsaren kudeaketa operatiboa egiteaz.

Hiru proiektu pilotu Euskadin

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila buru duen Agree proiektu europarrak (Aggregation and improved Governance for untapping Residential Energy Efficiency potential in the Basque Country) birgaitze energetikorako 8,5 milioi eurotik gorako inbertsio publiko eta pribatua mobilizatzea du helburu, 2022an Gasteizen, Donostian eta Basaurin gauzatuko diren hiru proiektu pilotutan. Udalerri horietako hirigintza- eta etxebizitza-sozietateek (Ensanche 21, Donostiako Etxebizitza eta Bidebi-Basauri) jada aukeratu dituzte proiektu horiek gauzatzeko auzoak (Adurtza eta San Kristobal, Gasteizen; Intxaurrondo, Donostian eta Federico Mayo, Basaurin). Tecnaliaren laguntza izango dute proiektuek eta Ihobe – Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak parte hartuko du.

Proiektu pilotuak gauzatzean irabazitako esperientzia eta ezagutza lagungarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkea birgaitzen joateko, Europa hegoaldeko zaharrenetako bat baita. Egoitza-eraikinen % 57 1940. eta 1980. urte bitartean eraiki zen, eraginkortasun energetikoaren inguruko araudiak existitu aurretik.

Leave a comment