Skip links

Etxebizitza Sailaren kanpaina batek birgaitze energetikoa sustatuko du Next Generation Funtsen bitartez

Laguntzak jadanik eskatu daitezke VISESAren bulegoetan eta Euskadiko Birgaitzeko Hirigintza Sozietateetan.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak kanpaina bat hasi du orain dela gutxi, herritarrak etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntza eskatzera bultzatzeko.

Next Generation EU Funtsen zuzeneko laguntzez eta Gobernu Zentralaren Berreskuratzeko, Eraldatzeko eta Erresilientziarako Planaz gain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ere laguntza propioak eskainiko ditu birgaitze-jarduerak sostengatzeko.

Jadanik eskatu daitezkeen diru-laguntza horien hasierako aurrekontua 39,1 milioi euro dira, eta horiei 47,2 milioi gehituko zaizkie datozen hilabeteetan; haien helburua da trantsizio berdea, deskarbonizazioa, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien hedapena bultzatzea, eraikitako parkea birgaitzeko eta hobetzeko jardueren bitartez, bai hirietan eta bai landa-eremuetan. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolaren esanetan, laguntza hauek “bereziki erabilgarriak dira Euskadin, zeren Europako Hegoaldeko eraikin-parke zaharrenetako eta efizientzia energetiko txikienetako bat baitu; horregatik, pandemiaren osteko suspertze ekonomikoari laguntzen eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeaz gain, herritarren eguneroko bizitza hobetzen dute nabarmenki”.

Informazioa bulego sare batean, webgune batean eta telefono-arretarako zenbaki batean

Herritarrei eskabideak egiteko prozesua errazteko, Etxebizitza Sailak Birgaitze Bulegoen sare bat eratu du, eta berau jadanik hasi da leihatila bakar gisa funtzionatzen, herritarrak bertara joan daitezen informazioa eskatzera eta laguntzak tramitatzera, bai Next Funtsenak eta bai Eusko Jaurlaritzarenak. Guztira 16 bulego dira, horien artean Visesa, Sailaren mendeko sozietate publikoa, eta Euskadiko Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak (SUR). Eusko Jaurlaritzak, gainera, webgune bat aktibatu du, diru-laguntzei buruzko informazioarekin: www.euskadi.eus/bizinext, eta telefono bat ere bai (943 11 11 01).

Next Generation EU Funtsetako laguntzak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren agindua hiru ildotara zuzentzen da, eta 2020ko otsailaren 1aren ostean hasitako erreformak sostengatzea dute helburu; laguntzak eskabideen aurkezte-hurrenkeran atendituko dira, funtsak agortu arte. Kasu guztietan, 2026ko ekainaren 30a baino lehen gauzatu beharko dira. Laguntza horiek Sailak urtean zehar birgaitzeko irekita izaten dituen ohiko laguntzen osagarri dira, etxebizitzetan eta eraikinetan –iriagarritasuna, segurtasuna, digitalizazioa, kanpoaldeko bizigarritasuna eta baita efizientzia energetikoa ere– jardueren espektro zabalago bati heltzen baitiote.