Zergatik da beharrezkoa
Eraikinek energia kontsumoaren % 40 inguru sortzen dute EBn, eta CO2 emisioen % 36. Gaur egun, EBko eraikinen % 35 inguruk 50 urte baino gehiago ditu, eta etxebizitzen ia % 75 ez da efizientea energiaren ikuspuntutik; gainera, etxebizitza-parkearen % 0.4-1.2 soilik (herrialdeen arabera) berriztatzen da urtean. Horrez gain, energiaren kostuak Europan nahiko handiak izan arren eta hazten jarraitu arren, eta eskura dauden teknologia eta zerbitzuak askotarikoak izan arren, energetikoki efizienteak diren eraikinen merkatuan kontsumitzaileek ez dituzte antzematen eskura dauden eta teknikoki bideragarriak diren hobekuntza-aukerak.
Horrelako eraikuntzak nagusi dira Europako hegoaldeko klima moderatuko eremuetan; bertan, energiaren aurrezpena ez da lehentasunezkotzat jotzen, eta, hortaz, eremu horietako eragileek ez dute birgaitzea bultzatzen. Horrenbestez, funtsezkoa da egokitzapenerako ikuspegi integratu bat sustatzea, efizientzia energetikoa ez ezik irisgarritasunaren eta bizigarritasunaren hobekuntza ere barne sartuz; horri lotuta, beharrezkoa da egokitzapen energetikoaren onurak modu eraginkorrean erakustea eta komunikatzea, biztanleen bizi-kalitateari dagokionez, faktura energetikoan lortzen den aurrezpen ekonomikotik harago.
Euskadik Europako hegoaldeko etxebizitza-parke zaharrenetako bat du. Izatez, Euskadiko etxebizitza-eraikinen % 57 1940 eta 1980 bitartean eraiki zen, hau da, efizientzia energetikoaren erregulazioa Espainian ezarri baino lehen.
“Euskadiko etxebizitza-parkearen diagnostikoa” izeneko azterlanaren arabera, parke horretako etxebizitza gehienek ez zuten betetzen, 2012an, efizientzia energetikoko baldintza egokirik; izan ere, eraikinek ez dute inguratzaile tekniko egokirik, ezta berokuntza-sistema efizienterik ere. Gainera, eraikin horietako gehienak 4 solairu baino gehiago dituzten apartamentu-eraikinak dira (% 55), eta askok ez dute igogailurik.