- 1940 eta 1970 bitartean eraikitako eta Gasteiz, Donostia eta Basauriko zenbait auzotan kokatutako ehun eraikinek inguruk euren energia- eta irisgarritasun-birgaikuntzari heldu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzak onartutako finantza-tresnaren baldintza onuragarriei esker.
- Ensanche 21 Zabalguneak Adurtza eta San Kristobal auzoak aukeratu ditu proiektu honetarako, Gasteizen; Donostiako Etxegintzak gauza bera egin du Intxaurrondorekin, eta Bidebi-Basaurik Federico Mayorekin.
AGREE europar proiektuak Gasteizko Adurtza eta San Kristobal, Donostiako Intxaurrondo eta Basauriko Federico Mayo auzoetako ehun eraikin zahar inguru aukeratu ditu haien fatxadetako energia-birgaikuntza sustatzeko eta irisgarritasun-arazoak –hala nola igogailurik ez izatea- konpontzeko.
Auzo eta eraikinak Basauri (Bizkaia), Donostia (Gipuzkoa) eta Gasteizko (Araba) hirigintza-sozietateek aukeratu dituzte, bertara zuzentzeko HORIZON 2020 programaren diru-laguntza duen europar proiektu hau. Aukeraketaren irizpidea izan da 1940 eta 1970 bitartean eraikitako eraikinen multzo homogeneoak eratzea. Gainera, beste aldagai batzuk ere hartu dira kontuan, alegia, eraikinen egoerarekin eta auzokideen profil sozioekonomiko eta demografikoarekin lotutako aldagaiak.
Eraikuntza-kalitate eskasa eta irisgarritasun txarra
Gasteiz hiriaren kasuan, Ensanche 21 Zabalguneak Adurtza eta San Kristobal auzoak aukeratu ditu proiektu honetarako. Arabako hiriburuko esku-hartzea 15 eta 20 eraikin bitartetan banatutako 170 etxebizitzatan egingo da, gutxi gorabehera. Adurtza auzo esanguratsu bat da 40 eta 70eko hamarkadetako eraikuntzen presentziari dagokionez; eraikinek ez dute ez igogailurik ez isolamendu termikorik, eta bertako biztanleria nahiko zahartuta dago; izan ere, auzokideen % 18k 65 urte baino gehiago ditu, eta % 8k 79 urte baino gehiago. San Kristobalen kasuan, ia 6.000 biztanle ditu, eta horien % 33k 65 urte baino gehiago ditu.
Gipuzkoako hiriburuan, berriz, Donostiako Etxegintzak hiriaren inguruko auzoetara zuzendu zuen aukeraketa, berrogeiko hamarkadaz geroztik egindako hirigintza-garapen gehienak bertan baitaude kokatuta. Agree proiektua Intxaurrondon gauzatuko da, bertan 60 eraikin inguru birgaituko batira irizpide horien arabera.
Eremu horretako bizitegi-eraikinak –bizilekuak izan arren, eremu industrialetatik gertu daude- 1955 eta 1975 bitartean eraiki ziren, ezaugarri berdintsuak dituzte eta hiri-diseinu eta –konfigurazio berbera dute; horregatik, oso egokiak dira AGREE proiektuan parte hartzeko.
Basauriren kasuan, Bidebi sozietateak Etxebizitzaren Institutu Nazionalak iragan mendeko 50eko hamarkadan eraikitako Federico Mayo etxaldea aukeratu du, Ariz auzoan, eraikinen birgaikuntza energia-kontsumoaren eta irisgarritasunaren ikuspuntutik bultzatzen dituzten ekintzak abiatzeko. Auzoko biztanle asko adineko pertsonak dira. Hala, auzokideen bostenak 65 urte baino gehiago ditu, eta % 10ek 79 urte baino gehiago.
Finantza-tresna espezifikoa
AGREE europar proiektuan bazkide gisa parte hartzen duten erakundeek auzoak aukeratu ondoren, jabeen komunitateekin kontaktatzeko prozesu bat hasiko da, eraikinen birgaikuntzari esker lortuko dituzten onurak aurkezteko; onura horien artean, azpimarratzekoak dira bertako etxebizitzetako erosotasunaren eta biztanleen bizi-kalitatearen hobekuntza, berokuntzaren fakturan lortuko den aurrezpena, eta auzoen hobekuntza orokorra.
Gainera, jakinaraziko zaie zein diren Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak horrelako esku-hartzeetarako orain dela gutxi onartu duen finantza-tresna espezifikoaren abantailak, finantza-erakundeekin horri begira lortutako lankidetza-hitzarmenaren berri emanez. Eusko Jaurlaritzaren laguntzei udalerriek alor horretan eskaintzen dituzten laguntzak gehituko zaizkie.
“Kontua da horrelako laguntzak eskuratzen laguntzea horien berri ez izateagatik normalean eskuratzen ez dituzten komunitateei”, azpimarratu du Mario Yoldi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak.
Eusko Jaurlaritzaren finantza-tresna dekretuz onartu zen 2109ko abenduan, jarduerak finantzatzeko alor hauetan: etxebizitza eta erakinen birgaikuntza, irisgarritasun unibertsala eta energia-efizientziaren hobekuntza. Mekanismo honek Etxebizitza Sailak jartzen duen Berme-funts bat aurreikusten du, huts egindako mailegu bakoitzaren % 16 estaltzeko. Funtsak 30 milioi euro izango ditu, eta beraren kudeaketa operatiboaz Finantzen Euskal Erakundea arduratuko da.