Europar Batasunak, covid-19aren pandemiaren ondoko suspertze ekonomikoari begira jarrita, inbertsioak eta laguntzak etorkizun jasangarri bat sendotuko duten sektoreetan pilatu nahi ditu. Horrela, eraikinen birgaikuntza energetikoa berreraikuntza-planerako lehentasunezkoa dela jo da. Dokumentu horretan jasotzen denez, Europako eraikinen hiru laurdenak energiaren efizientziari buruzko zuzentarauak argitaratu aurretik eraiki ziren. Aldi berean, azpimarratzen da eraikinek kontsumitzen dutela energia gehien EBn, eta haiei egotz dakiekeela berotegi-efektuko gas-emisioen herena baino gehiago. Argumentu horiekin, Europako Batzordeak birgaikuntza orokortzeko beharra indartu du, eta kalkulatzen du urtean 50.000 milioi euroren funts publikoak bideratu beharko liratekeela zeregin horietara, bertan sartuta norbanako zein udalentzako itzuli beharrik gabeko laguntzak.
Gogoan izan behar dugu eraikinak altxatu eta berritzean energia eta baliabideak efizientziaz erabiltzea dela Europako Itun Berdearen zutarrietako bat; dokumentu horretan jasotzen denez, EBko estatu kideen higiezinen berritze-tasa % 0,4 eta % 1,2ren artean egoten da urtero. Ildo horretan, Europako Itun Berdeak ehuneko hori bikoiztea proposatzen du, gutxienez, energia-efizientziaren eta klimaren alorreko EBko helburuak erdiesteko. Zalantzarik gabe, covid-19aren ondoren Europako ekonomia suspertzeko egingo den planak helburu horiek indartuko ditu.