Skip links

Agreek “Opengela Final Conference” konferentzian parte hartu du

Iragan azaroaren 17an, Agreek bere birgaitze energetikorako eta irisgarritasunaren hobekuntzarako eredua aurkeztu zuen, europar proiektu horren amaierako konferentziaren testuinguruan.

Agreeren aldetik Bruselako Eskualdeetako Lantaldera joandako ordezkaritza batek bere lanen garapena aurkeztu zuen Opengela proiektuaren partzuergoak ‘The power of One-Stop-Shops’ (‘Leihatila bakarren boterea’) izenez antolatu zuen saio batean.

Proiektuaren amaierako konferentzia horretan, honako partaide hauek aritu ziren: Eusko Jaurlaritzaren Bruselako ordezkaria, Marta Marín; Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria, Ignacio de la Puerta -Opengelaren partzuergoaren liderra-; Txari Vallejo (Bilboko Udal Etxebizitzak); eta Esther Zarrabeitia (Debegesa), Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar) auzoetako bi pilotuen garapena azaltzeko.

Agreek, berriz, jardunbide egokien beste kasu batzuk ezagutzera ematera zuzendutako espazioan parte hartu zuen, proiektu hauekin batera: ComAct (Europako Hegoaldeko herrialde batzuetan ezarritako hiri-berroneratzerako proiektua) eta Renowatt (Belgikako Valonia eskualdean ezarritako proiektua).  Jardunaldiaren bigarren zatiko parte-hartzaileak, berriz, Julien Dijol (Gizarte-etxebizitzarako Europako Elkartekoa, Housing Europe, berau ere Opengelako bazkidea ) eta Amélie Ancelle (Energie-Cities-ekoa: energia jasangarrirako hirien Europako elkartea) izan ziren.

Saioak amaiera eman zion europar proiektu horri, hasieran ezarritako helburuak bete ondoren eta etorkizunean jarraitu egingo zuela bermatuta, eredu sendo eta erreplikagarri bat sortzearen bidez.

Opengelak hiru urtez lan egin du hiri-berroneratzearen alde, arreta-bulegoetako leihatila bakarreko proiektu pilotuen bidez, eraikinak berroneratzeko prozesuak errazteko xedez. Ekimen horrek Eusko Jaurlaritzaren bultzada ere badu, eta baita EBren Horizon 2020 finantziazio-proiektuaren parte-hartzea ere.

Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen bizitza hobetzera bereziki zuzentzen diren proiektu pilotu horiek 780 pertsona atenditu dituzte auzoetako bulegoetan, eta  bertako pertsonal tekniko eta administratiboaren laguntzari esker pertsona horiek euren eraikinak birgaitzeko prozesuak abiatu dituzte, guztira 469 etxebizitzara helduz.  Hala, auzoko bulegoak ireki dira Otxarkoaga (Bilbo) eta Txontako (Eibar) pilotuetan, eta baita Durango, Lasarte, Pasaia, Abanto-Zierbena, Santurtzi, Trapagaran, Urduña eta Amurrion ere.

‘Opengela’ deritzanek % 60tik gorako energia-aurrezpena lortu dute etxebizitza bakoitzeko, batez beste, energia jasangarrian 9,6 milioi euro inbertituz eta C02 isurketetan urtean 758 tona aurreztuz, 3,2 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatzeaz gain.

Ignacio de la Puertak azpimarratu zuenez, kudeaketa-eredu hori “Euskadiko gainerako lekuetara hedatu ahal izango da, helburu hauekin: pobrezia energetikoaren arriskua herritarren artean murriztea; zero balantze energetikoa duten auzoak sortzea, non   etxebizitzek eta hiri-ingurunek irisgarritasun unibertsala duten eta karbono-hustubide bihurtu daitezkeen, klima-aldaketatik eratorritako efektuak arintzeko eta haien egokitzeko zereginari ekarpen esanguratsua egiteko”.

Beste alde batetik, proiektua erreplikatzeari dagokionez, Euskadin badira beste 14 auzo, ezarpenaren lehenengo fasean daudenak, eta Asturias, Extremadura eta beste autonomia erkidego batzuek auzo pilotuak bisitatu dituzte; Europa mailan, berriz, Frantzia, Irlanda, Itaila eta Austriako beste “One-Stop-Shops” askorekin konpartitu ondoren, hiria berroneratzeko ereduak interesa piztu du Kroazia, Polonia, Grezia eta Irlandako eskualde eta konderri batzuetan.