Skip links

Martxan da Federico Mayo auzunea modu efizientean birgaitzeko aurretiazko azterlana, AGREE proiektuaren barruan

H+G enpresak egingo du lana, eta eremu horretako eraikin-tipo bat —alegia, auzunearen eraikuntza-ezaugarriak biltzen dituena— birgaitzeko aurreproiektua ere idatziko du.

Era berean, dauden esku-hartze aukerak jasoko ditu dokumentuak, eta bakoitzaren kostua ere bai. Lanaren aurrekontua 14.000 euro da, eta hiru hilabete baino gutxiagotan egin beharko du H+G enpresak. Auzunea bisitatzen hasiko dira, higiezinen egoera ikusteko. Horrekin batera, finka-administratzaileekin eta interesa agertu duten jabeen erkidegoen ordezkariekin bilduko dira. Eraikinen patologia eta gabeziei buruzko informazio teknikoa bildu eta gero, horiek birgaitzeko egin daitezkeen esku-hartzeen, aurreikusitako kostuaren, eta estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko legerian jasotako laguntzen berri emango dute. Birgaitze-programa osoa AGREE proiektuaren barruan dago, zeina Europar Batasunak finantzatzen baitu, HORIZON 2020 programaren barruan.

Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak, IHOBEk, Tecnaliak eta Donostia/San Sebastiáneko, Vitoria-Gasteizko eta Basauriko udalek osatutako partzuergo batek sustatzen du aipatutako proiektua. AGREEk Euskal Herriko etxebizitza-eraikin pribatuen irisgarritasuna, eta eraikinok energetikoki efizientea eta den modu batean birgaitzea sustatzen du. Egitasmoak hiru proiektu pilotu ditu abian (aipatutako udalerri bakoitzean bana), 8,5 milioi euroko inbertsioarekin, eta 2021ean eta 2022an, urte bakoitzean 250 tona CO2ren baliokidea gutxitzeko helburuarekin. Horrela, bada, eraikitze-tipologia bera duten higiezinen multzoak hautatu dituzte, eraikin guztiei birgaitze-jarraibide berak ezarri ahal izateko. Esku-hartze proposamen desberdinak egingo dituzte, eta  proposamen bakoitzerako aurreikusitako kostua zehaztuko dute. Edozelan ere, jabeen erkidegoek erabakiko dute zein jarduketa egin, eta zein enpresarekin. Bidebik, berriz, udal eta autonomia erkidegoko laguntza arruntak izapidetuko ditu.

Federico Mayo auzunea Arizen dago. Joan den mendeko 50eko hamarkadan eraiki zuen Etxebizitza Institutu Nazionalak, eta 700 etxebizitza ditu, eraikitze-tipologia antzekoa duten higiezinetan bilduta. Eraikitze-kalitatea ertaina-baxua da, eta, oro har, auzunearen irisgarritasuna txarra da (ez dago igogailurik). Basauriko, Donostia/San Sebastiáneko eta Vitoria-Gasteizko proiektuei esker, eskuliburu bat egingo dute, Euskal Herrian antzeko ezaugarriak dituzten eraikinetan erabili ahal izateko. Esan beharra dago Europa hegoaldeko etxebizitza-parke zaharkituenetako bat daukala EAEk —etxebizitza-eraikinen erdiak 1940 eta 1980 bitartean eraiki zituzten, energia-efizientziari buruzko araudiak existitu aurretik—.