Skip links

«Etxebizitzen birgaitzearekin bizi-kalitatea eta erosotasuna areagotu egiten dira, tokiko ekonomia sustatzen da eta klima-aldaketaren borrokan laguntzen da»

Ensanche 21 Zabalgunearen presidente Ana Oregik uste du funtsezkoa dela bizilagunak Adurtzako eta San Cristóbaleko 170 etxebizitza birgaitzeko proiektuaz ondo informatzea

 

Ensanche 21 Zabalgunea SAren presidente Ana Oregik espero du Agree proiektuak balio izatea Adurtzak eta San Cristóbalek energia-eraginkortasun handiagoa lortzeko eta eraikinetan irisgarritasun unibertsala lortzeko behar diren birgaitzeak egin ahal izateko.

Horretarako, hirigintza-sozietate hori komunikazio-lan garrantzitsua egiten ari da, auzo horietako bizilagunei azaltzeko haien bizi-kalitatea areagotuko duten obra batzuk egitearen beharra eta egokitasuna.

Ana Oregik gogorarazi du Ensanche 21 Zabalguneak 170 etxebizitza mobilizatu nahi dituela; hau da, 15-20 eraikin inguru. «Une honetan, birgaitzeko aurretiko azterlanak egiten ari gara, eraikuntza-motaren arabera. Azterlan horietan, kostu-aukerak, dirulaguntza- eta/edo finantzaketa-aukerak, plangintza, eta abar jasoko dira; horiek guztiak lagungarriak izango zaizkie halako esku-hartzeak egin nahi dituzten higiezinen jabeei, erabakiak hartzeko orduan».

 

 Non garatuko dira Agree proiektuko ekimenak?

Ensanche 21 Zabalgunearen Administrazio Kontseiluak, iazko otsailaren 24an bilduta, erabaki zuen Adurtza eta San Cristóbal auzoetan garatzea proiektu hau. Egiazki, ez gara hutsetik hasi, aurretik eginda zeuden lanak eta bere garaian auzo-elkarteek eta -komunitateek egin zituzten ahaleginak aprobetxatu baititugu; horrela, jarraipena eman diegu, eta ingurua leheneratzeko egindako ahaleginen eta izandako proaktibitatearen garrantzia nabarmendu dugu.

Ensanche 21 Zabalguneak 83.680 euroko aurrekontua du, eta horrek auzo horietan dauden eraikuntza-mota ezberdinetarako aurretiko azterlanak idazteko balioko du.  Azterlan horietan, kostu-aukerak, finantzaketa-aukerak, plangintza, eta abar jasoko dira; horiek guztiak lagungarriak izango zaizkie halako esku-hartzeak egin nahi dituzten higiezinen jabeei, erabakiak hartzeko orduan.

 

Zer lortu nahi da?

 Gasteizen kasu zehatzean, proposamena hau da: 170 etxebizitza inguru mobilizatzea, hots, bi auzo horietako 15-20 eraikin inguru, bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko. Gainera, birgaitzearen merkatua sustatu, energia-eraginkortasuna hobetu eta eraikinek irisgarritasun unibertsala izatea lortu nahi dugu. Ez da ahaztu behar ingurumen-onura garrantzitsuak lortuko direla, tartean, CO2 emisioak nabarmen murriztea; hartara, hiria deskarbonizatzen lagunduko da.

Proiektu hau hurrengo urteetarako diseinatu dugun klimaren aldeko ekintzaren estrategiarekin lerrokatuta dago, eta, horrek hiri-birgaitzeko eta -leheneratzeko agentzia gisa indartzen gaitu.

 

Nola ari dira hartzen eraginpeko komunitateak proiektua?

 Hasierako etapan gaude oraindik. Alde batetik, ahalegin izugarria egiten ari gara bizilagun-erkidego bakoitzarekin harremanetan jartzeko eta eraikinak birgaitzeko beharra azaltzeko. Horretarako, gutun bat bidali diogu bizilagun bakoitzari, proiektuaren xehetasunak azaltzeko, eta, etxe-atarietan, Agreeren ezaugarriak azaltzeko kartel grafikoago bat jarri dugu.

Hori eginda, hasi gara jada bizilagun-erkidegoekin biltzen, aurrez aurre azaltzeko zertan datzan proiektua, eta etxaldeen administrazioekin ere hitz egiten ari gara.

Paraleloan, eraikuntza-motaren araberako aurretiko azterlanen proposamen teknikoak egiten ari gara jada, higiezinen jabeek mota horretako jarduketak egiteko behar diren erabakiak hartzeko.

 

Zer eginkizun du Ensanche 21 Zabalguneak proiektu horretan?

Bi auzo horien birgaitzea sustatu nahi dugu eta, horretarako, prozesu osoan aholkularitza eta laguntza eskaintzeko metodologia berritzaile bat aplikatu nahi dugu. Hasiera batean, azterlan tekniko bat ematen zaie jabeen erkidegoei. Azterlan horrek eraikinak planteatzen dituen arazoak eta horiek izan ditzaketen konponbideak jasotzen ditu, bai eta gutxi gorabeherako kostua eta eskura daitezkeen laguntzak ere.

Hortik aurrera, Ensanche 21 Zabalguneak aholkularitza emango du prozesu osoan eta aldameneko jabeen erkidegoen artean akordioak egiten lagunduko du; horrela, modu bateratuan kontratatu eta gauzatu ahal izango dira obrak, eskalako ekonomia aplikatuta, kostuak murriztea lortzeko.

 

Zer onura espero duzu izango dituela zure udalerriak ekimen hau ezartzen denean?

2015-2019ko Gasteizko Plan Estrategikoaren lan-ildoetako bat bazen «Hiri-birgaitzearen eta auzo arteko orekaren hiria». Ildo horren esparruan, Plan Estrategikoaren konpromisoetako bat zen 50 urtetik gorako 20.257 etxebizitzaren birgaitze-plan integral bat eta irisgarritasuna sustatzeko plan bat bultzatzea.

Ildo horretan, Agree proiektuarekin nahi dugu, batetik, herritarrei birgaitzearen abantailak azaltzea eta, bestetik, inbertsioak bultzatzea, Gasteizeko etxebizitzetan energia-eraginkortasun handiagoa lortzeko. Hori lortzeko, eskaera eta agregazioa, gobernantza hobea eta finantzaketa-aukera pertsonalizatuak aktibatzeko mekanismo berritzaileak garatu eta hedatuko ditugu.