21 Zabalgunea SA birgaitzerako eraikin tipologien araberako aurretiazko azterlanak lantzen hasi da Adurtza eta San Kristobal auzoetan, AGREE europar proiektuaren barruan. MODEL aldi baterako enpresa-elkartea gertatu da lan horiek egiteko lehiaketa publikoaren esleipenduna, eta dagoeneko hasi da proiektuaren barruan sartutako eraikinak bisitatzen.
AGREE proiektuan zedarritutako eremuan Adurtza eta San Kristobal auzoetan 1980. urtea baino lehen egindako 160 bizitegi-eraikin kolektibo sartu dira, inguratzailea eta irisgarritasuna hobetzeko beharra baitute.
AGREEk planteatzen du birgaitzerako aurretiazko azterlanak egitea hautatutako eraikin-multzoetarako, esku-hartzeen kostua gutxi gorabehera zenbatekoa den jakinda jabe-erkidegoek errazago erabakitzerik izan dezaten behar diren birgaitze-lanak egin ala ez.
Informazio horrek erraztu egingo luke jabekideen erkidegoetan akordioak lortzea, behin betiko proiektu teknikoak kontratatu aurretik, geroago lanak egiteko.
Adurtza eta San Kristobaleko eraikinek ezaugarri ezberdinak dituzte tipologien arabera, kanpoaldeko inguratzailea (fatxada eta estalki motak) eta eskailera-zuloa nolakoak diren kontuan hartuz, eta kasu zehatz bakoitzari egokitutako aurretiazko azterlanak egin beharra dago.
Eraikinak moten arabera sailkatuko dira, bakoitzeko fitxa bana eginez, lanen zein lotutako kostuen (lizentzia, tasak, teknikarien ordainsariak, BEZ, etab.) zenbatespen ekonomikoa barne.
Bestetik, 21 Zabalguneak jabe-erkidegoen ordezkariekin harremanetan jartzen jarraitzen du, proiektuaren berri emateko. Orain arte 28 jabe-erkidegoen ordezkariekin jarri dira harremanetan, zeinek 265 etxebizitza batzen baitituzte.