Skip links

Agree jardunaldia Bilbon, energia-birgaikuntzako jardunbide egoki berritzaileen aurkezpenarekin

Eusko Jaurlaritzak, Europako Horizon 2020 Agree programaren babesean, auzo eskalako energia-birgaikuntzako esperientzia berritzaileak aurkezteko jardunaldia antolatu zuen joan den otsailaren 13an. Lehen hitzaldia Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik eman zuen, zeina trantsizio energetikoak Euskadiko eraikuntza-sektoreari ematen dizkion erronkez eta aukerez aritu baitzen. Gogorarazi zuen eraikinen birgaikuntza efizientea azkartzeko Europako zuzentarauak urtean eraikuntzen % 3 berritzeko beharra ezartzen duela: itzulerarik gabeko bide bat, sektorearentzako erronka eta aukera garrantzitsuak ematen dituena». Horrez gain, adierazi zuen, ibilbide honetan, ekonomia- eta finantzaketa-alderdiak funtsezkoak direla Europako helburuak lortzeko (efizientzia energetikoaren % 20ko hobekuntza 2020an, eta % 32,5ekoa 2030ean), eta, halaber, azaldu zuen Agree proiektuak oso lan garrantzitsua egiten duela tradizionalki baztertu diren herritarrengana iristeko eta etxebizitzen energia-birgaikuntza desblokeatzeko (Euskadiko etxebizitza-parkeak, batez beste, 44,5 urte ditu, eta % 1,2k bakarrik du energia-efizientzia egokia, 2018. urtera arte EITek erregistratutakoaren arabera).

Davide Canarozzik (GNE Finance enpresako CEOa) proposatu zuen erkidego osasuntsu eta dinamikoak eraikitzea birgaikuntza ekojasangarriaren bitartez, hiria GJH 2050 helburuekin bat etorriz leheneratuta. Bere iritzian, bankuak ez daude energia-efizientzia finantzatzeko prest, arlo horrekin zerikusia duten produktuek garapen-fasean jarraitzen dutelako. Canarozzik HolaDomus proiektuaren berri eman zuen, Kataluniako berrikuntza ekojasangarriko lehen programa pilotuarena. Egitura berritzaile baten bidez garatu dute, EuroPACE fundazioa sortu baitute programa kudeatzeko. Azaldu zuenaren arabera, arrakastaren formula herritarrei laguntza eta aholkularitza ematea da, baita finantzaketa eskuragarria eskaintzea ere, sektore ahulenek eskuratu ahal izateko moduko maileguekin eta erreserba-funts sozial bat sortuta.

Isabel Izcue Nafarroako Hiri Berroneratzeko Arloko buruak (Nasuvinsa) auzoak era antolatuan berritzeko tresna berri gisa defendatu zituen Esku-hartze Globaleko Proiektuak (EGP). Izcueren ustez, plangintzatik antola daitezke hiria berroneratzeko prozesuak, baina ezin da hirigintzaren aldetik antolatu auzo guztien berroneratzea». Eremu honetan, EGPk hiria leheneratzeko prozesuak sustatu eta antolatzen ditu, hainbat motatako obretarako esku-hartze eredu baten edo askoren inguruan; obrek, besteak beste, zerikusia daukate irisgarritasunarekin, inguratzaile termikoarekin eta energia berriztagarrien instalazioekin. EGP ez da hirigintza-plan bat; aldiz, esku-hartze ereduak zehazten ditu, prozesu parte-hartzaile baten bitartez eta Udalarekin eta bizilagunekin adostuta.

Jordi Mas Herrero Bartzelonako Etxebizitza Partzuergo Metropolitarreko koordinatzaile teknikoak Bartzelonako metropolialdeko birgaikuntzaren sustapenaren ikuspegi berria azaldu zuen, aintzat hartzen dituena bai hiri-eremuek duten defizit-maila bai etxeko batez besteko errenta. Birgaikuntza-eredu gisa Cornellá de Llobregaten 32 eraikinek osatutako multzo batean egindakoa hartu, eta prozesua azaldu zuen. Udalak eta udaleko birgaikuntzako eta hirigintzaren kudeaketako sailek zuzendu zuten prozesua, eta honako gai hauetaz arduratu ziren: beste administrazio batzuetatik jasotako dirulaguntzak kudeatzeaz, ikuskapenak eta proiektuak kontratatzeaz, horiek erkidegoekin adosteaz eta hitzarmenak sinatzeaz (gehieneko gastu-aurrekontuak finkatuta).

Esther Zarrabeitia DEBEGESAko Hirigintza eta Birgaikuntza Saileko arduradunak Eibarko Mogel auzoa birgaitzeko proiektua azaldu zuen. Auzoa 1949. urtean sortu zen (201 etxebizitza), eta irisgarritasun-gabeziak eta isolamendu termikoarekin lotutakoak zituen, baita errehabilitazio-obrak finantzatzeko zailtasunak ere (7 milioi euro baino gehiago balio zuten). Azaldu zuenez, esku-hartze hori eredutzat hartu behar da, bizilagun-batzorde batek proiektuaren sustatzaile eta dinamizatzaile gisa jardun zuelako eta administrazio publikoekin bideratzaile gisa elkarlanean lan egin zuelako birgaitu ahal izan baitzen auzo osoa.

Esperientzia berritzaile horiei buruzko hitzaldien ostean, jardunaldiko bigarren saioa hasi zen: parte-hartzaileak bi lantaldetan banatu ziren; batetik, gobernantzari eta kudeaketa-protokoloei buruzko lantaldea osatu zuten, eta, bestetik, eskaria antolatzeko prozedurei buruzkoa. Horizon 2020 Agree programako erakunde bazkideek parte-hartzaileek egin zituzten ekarpenak bildu zituzten, proiektuaren garapena hobetzeko asmoz.